viernes, 2 de mayo de 2014

Gure barnean murgiltzearen arrazoietako bat

Txiki, ahul, ez-jakin…sentiarazten gaituen sentimendu horri zelan aurre egin? Egin nahi ez dugun eta egin behar dugun horren aurrean zelan jokatu? Ezezagun zaigun zerbaiten aurrean emango dugun erantzun horren esperoan, esperantzak  jada lekurik ez duen momentu horiek alboratu nahian...nahi gabe, buruak automatikoki gu babesteko joera hartzen du. Arazo baten aurrean edo egoera zail baten aurrean gaudenean, gure buruak hori onartuko ez balu bezala sentitzen gara, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Arazoak baztertzen ditugu, muturren aurrean ikusten eta beste irtenbiderik ez dugula konturatzen garen arte. Beldurrak gure barnera eramaten gaitu, gordeleku bihurtzen du geure burua, kanpoko errealitatetik aldentzen gaitu.

Milaka egoera desberdinetan hartzen dugu jarrera hau. Batzuetan ez gara horretaz ohartzen, besteetan horretaz baliatzen gara aurrera egin ahal izateko, baina, denetan, okerreko bidea dela esatera ausartuko nintzateke. Izan ere, egunero gauaren ostean egunsentia datorren bezala, arazo zein beldur horiek lehengo lekua berreskuratzen dute.